2015(e)ko abendua 22, asteartea

GABONETAKO OSAGAIAK

Kaixo guztioi:

Ezin genituen klaseak amaitu Gabonei buruzko bideo bat eskuratu gabe. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko eta zuen iruzkinak uzteko. Beti bezala, ongi etorriak izango dira!!





GABON ZORIONTSUAK IZAN DITZAZUEN!!!

2015(e)ko abendua 10, osteguna

GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi:

Pasa den azaroaren 20n haurren eskubideen nazioarteko eguna ospatu zen eta horren berri eman genizuen hemen ere bai. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen eguna ospatzen da eta sarrera hau prestatzeko materiala bilatuz, hurrengo abestia topatu dugu. Igo bolumena eta entzun arretaz!!




Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Wikipedian topatu ahal duzue testu osoa bere 30 eskubideekin.

Jarraian, eskubide horiek laburbiltzen duen bideoa partekatu nahi dugu zuekin, hona hemen:



Beti bezala, bideoa ikusi ondoren hainbat galdera datozkigu burura: ezagutzen zenituzten giza eskubideak? Zein da garrantzitsuena? Bakarra aukeratzeko gai izango zinateke? 

Haurren eskubideen egunean betebeharrei buruz ere luzaro mintzatu ginen, eta hemen ere bai ideia antzekoa aipatzen da: besteen eskubideak errespetatu behar ditugula. Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango lirateke kontuak munduan...

Amaitzeko, gaurko egunerako bereziki zuzendutako irudi polit batekin amaiera ematen diogu gaurko post honi.



Beti bezala, zuen iruskinak ongi etorriak dira, berez, anima zaitezte!!!

2015(e)ko azaroa 27, ostirala

FUTBOLA

Kaixo guztioi!

Gure gizartean futbolak badauka pisu handia. 2006. urtean FIFAk eginiko ikerketa batek argitzen zuen nola, mundu mailan, 265 milioi pertsona jolasten ziren futbol talde batean. Gaur egun kopuru hori %15a inguru igo da.

2013an Espainian beste ikerketa bat egin zuten eta emaitzen artean hauek topa ditzakegu:

- Biztanleriaren %68a talde baten zalea da: gizonezkoen %79,6a eta emakumezkoen %58,3a

- Gizonezkoen erdiak ikusten du futbola telebistan eta emakumezkoen herenak ere bai.

- Familien %20ak inguru erosi zituen sarrerak partida batera joateko.

Gauzak horrela, esan dezakegu futbolak begi asko dituela bere gainean eta, horregatik, baloreak landu behar izango zituela baina, egia esan, oso kirol matxista da eta, normalean, garrantzitsuena garaipena da. Taldeek, futbolariek, agintariek zein zaleek, ez dakite galtzen.

Hemen uzten dizuegu berri bat hemendik oso gertu gertatu dena. Sestaon hain zuzen ere. Han, partida bat jolasten ziren Sestao River eta Santurtziko Gazteak, alebin mailan, hau da, zuen adinekoak gutxi gora behera. Irakur dezagun zer gertatu zen penalty batekin...

Zuek jaurtitzailearen lekuan egon bazinate, zer egingo zenuketen? Zer iruditzen zaizue entrenatzaileak hartutako erabakia? Zergatik erabaki zuen hori? Marcelo Bielsa Athletick-eko entrenatzaile ohiaren hitzetan "Irabazi baino askoz garrantzitsuagoa da nola irabazten den". Zer deritzezue?

Lehen aipatu dugu futbolak, nahiz eta emakumezkoen zaletasuna gero eta handiagoa izan, jarraitzen duela kirol matxista izaten. Aste honetan emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapena egin dugu eta, futboleko matxismoa beste bortizkeri mota bat da. Agian gure aldarrikapena desberdintasunaren kontra izan beharko zen. Horregatik proposatzen dizuegu hurrengo bideoa. Esperimentu honetan, neska bat "mozorratzen" da mutilekin jolastu ahal izateko. Zein uste duzue izango dela emaitza?




Ikusi dugunez, maiz, desberdintasuna gure buru kutsatuetan baino ez dago eta emakume bat gizon bat bezain ondo edo hobeto jolastu ahal da futbolean, baina garrantzitsuena bizitzaren esparru guztietan kontu berdina gertatzen dela jakitea da. Sinesmen hauei "estereotipoak" esaten zaizkie. Ezagutzen al duzue estereotiporen bat? Nola sentitzen zarete horrelako sinesmenak entzutean? Klasean ikusitako zer efekturekin lotu dezakegu hau?

Emakumezkoak oso baliotsuak direla ez dago zalantzarik. Guztion artean egin dezagun lehenengo mailako talde puntero bat sexuari erreparatu gabe, eta hel gaitezen lehenengo postura elkarri laguntzen!!

AUPA GIZAKIOK!!!

MAISU - MAISTREN EGUNA

Kaixo guztioi:

Jai eguna ez izan arren, denbora ateratzea post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko" bakarrik, baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereño berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik ere ikasten dugulako...

Ziur naiz askotan pentsatuko duzuela zuek izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaudete!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zuekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzteten asmatzen zer...








Argiago ikusten duzue orain? Beti bezala, azal dezakezue iruzkinetan!!

2015(e)ko azaroa 25, asteazkena

AZAROAK 25

Kaixo!

Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeri mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Urrunago joan nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera.

Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta María Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.

1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzuenez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 34 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.

Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea... 

Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, bi bideo proposatzen dizkizuegu. 

Lehenengo honetan umeak izaten dira protagonistak. Zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jotzeko agintzen badizute? Ikus ditzagun ume hauen erantzunak:





Bigarren bideo hau emakumeei zuzenduta dago, baina horrek ez ditu gizonezkoak kanpoan uzten edo baztertzen, ez! Zeuek, mutilok ere, bideoaren mezuek helarazten digutenarengandik ikaskuntza egin dezakezue. Emakumeak animatzea du helburu nagusi. 

Arretaz irakurri:




Gogoratu: izaten garena izaten garela geure burua maite behar dugu eta albokoak izaten direna izaten direla ere bai. Errespetuz joka dezagun! Baina ez bakarrik gaur egun "berezia" delako, beti baizik.

INOLAKO BORTIZKERIARIK EZ, SEKULA ERE EZ!

2015(e)ko azaroa 20, ostirala

HAURREN ESKUBIDEEN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi!

Gaur, azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 56 urte, hau da, 1959an. Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en webean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.

Hitzarmenak argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten hizarmena sinatu.

Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:



Argi baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina, benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen dizuegu.



Zer deritzozue bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzue orain betebeharren kontua? Bazenekiten hauek zuen eskubideak zirela? Eta zuen betebeharrak hauek izango zirela espero zenuten? Txanpon batek bi alde ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.

Ikusi berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, denetik baitaukagu, baina beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunen bat topatzen dugun:


Lortu duzue ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizue ezkerreko eta eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak? Justu al da hori? Eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?

Ez dugu sarrera hau amaitu nahi atzo bertan jaso genuen  McDonalds-en kanpaina baten iragarkia txertatu gabe, harrituta utzi gintuen eta gaurko gaiarekin lotuta dagoenez, zuekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:



Espero zenuten honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozue? Bazenekiten horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?

Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizuegu...


Komentatu eta ikusi dugun guztia daukazuen zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.

Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazuen zorteaz gozatu!
Asteburu ona izan!

2015(e)ko azaroa 17, asteartea

EUSKAL HERRIKO IJITOEN EGUNA

Kaixo guztioi!

Atzo, tolerantziaren eguna izateaz gain, EHko Ijitoen Eguna ospatzen zen ere bai. Guretzat ez zen egun berezia, baina eurentzat bai, oso. Ez soilik Nazioarteko Flamenkoaren Eguna izateagatik, euren herriaren kultura EHko kulturaren zati bat delako.

Bazenekiten 1430 urtearen inguruan ijitoak Euskal Herrira etorri zirela?



Eta hasieran oso artisau ospetsuak zirela? Gaur egun, gure herrietako hainbat jai herrikoien artean, ijitoekin lotura zuzena duten batzuk ospatzen dira, adibidez, Donostian, kaldereruena.



















Urrunetik etorritako artisauen hizkuntza Caló zen, eta gurea Euskara. Talde bien arteko komunikazioari ekiditzeko, erromintxela sortu zen. Hemen uzten dizkizuegu adibide batzuk, agian baten bat ezaguna egingo zaizue...

Ama: batia
Aita: batoa
Burua: keroa
Eskua: basta
Hanka: pindrua
Izena: txipa
Etxea: kera
Denda: mertxa
Handia: baroa
Txikia: txinoa
Polita/ederra: pukerra
Ona: latxoa
Ura: pañia
Esnea: xuta
Txakurra/Polizia: txukela
Katua: txitxaia
Lan egin: kurratu
Eskatu: mangatu
Maitatu: piratu
Edan: piautu
Joan: najel egin
Begiratu: dikelatu
Egin: kerau

Etnia guztietan jende ona eta jende txarra dago, gizakiok garelako. Gure artean harreman hobeak izateko bi hitz dira garrantzitsuenak: errespetua eta ezagutza. Ezagutu behar ditugu besteen kultura, egoera, tradizioak... ezberdintasunak errespetatzen. Horrela lortuko dugu bestearen errespetua eta interesa.

Zorionak ijitoei, ijitoekin lan egiten duten pertsonei eta ijitoak ezagutzen ahalegintzen direnei. Aupa zuok!






BEGIA BEGI TRUK... TOLERANTZIAREN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN

Kaixo guztioi:

Hau kontraesana!! Atzo, tolerantziaren aldeko nazioarteko egunean, horrelako albiste txarra jaso behar: Frantziak mendekua hartu eta bonbardaketak egin ditu Sirian. Lotsagarria benetan!

Gaur dela 20 urte, UNESCOk Tolerantziari buruzko aldarrikapena ezarri zuen. Bertan adierazten da tolerantziak nazioarteko giza eskubideak eta herrien aniztasuna antzematen dituela. Antza denez, hau, munduko agintariei ahaztu egin zaie azken egunotan... Zelako eredu ematen digute? Penagarria...

Ez dakigu noraino iritsiko garen... Bitartean, ez dugu itxaropena galdu behar, hurrengo bi irudi hauetan adierazten den moduan.



 
 



2015(e)ko azaroa 14, larunbata

PARIS ON T'AIME

Kaixo guztioi,

Atzo klasean "Mesede katea" sarrera eztabaidatu genuen eta gure artean komentatzen genuen zein garrantzitsua den solidaritatea, laguntza, maitasuna... partekatzea. Bart, bederatziak aldera, Parisen, 5 atentatu gertatu ziren. Helburu bakarra: ahalik eta hildako gehien eragitea. Emaitza: 127 hildako, 192 zauritu eta horietatik 79 larri.

Hemen uzten dizuegu irudi bat eta bertan sakatuz gero, Berria egunkariaren albiste batera eramango zaituzte.

Egun beltza Europan. Beste bat. Baina, tamalez, ez bakarra munduan. Herenegun, Libanon izandako atentatuaren albistearekin argitu zuen eguna. 43 hildako eta 239 zauritu Estatu Islamikoaren eskutik ere bai.

Zalantza barik, mundua erotuta dago. Noiz arte horrelakorik?




Amaitu nahi dugu hizkuntza anitzetan bakea eskatzen duen irudi batekin eta mundua bakean irudikatzeko animatzen gaituen kantu ezagun batekin. Mundua bakean ezagutuko dugun itxaropena ez dugu inoiz galdu behar!








Bukatzeko, Libek bidalitako irudi bat uzten dizuegu. Benetako bakerako gonbidapena izan dadila.


2015(e)ko azaroa 13, ostirala

MESEDE KATEA

Kaixo guztioi:

Gaurko bideoak "Maitasuna" du izenburua, eta hainbat ideiarekin lotu dezakegu. Maitasunez eta errespetuz jokatzen badugu, jasoko ditugun erantzunak horrelakoak izango dira ere bai. Maitasuna eta jokaera onak kutsakorrak dira. Hori guztia, oso modu xarmantgarrian azaltzen da hurrengo bideoan. Ikus eta goza dezagun!!



Bideoa ikusi ondoren, ulertzen al duzue sarreraren izenburua? Zer da mesede katea? Zergatik izenburu hori? Gure ikastola edota gelako esparruan horrelako zerbait martxan jar daitekeela uste duzue? Zertan? Hobeto ibiliko ziren gauzak bihotzez eta jokaera onak izanez gero?

Bideoan agertzen diren azkenengo esaldien itzulpenarekin amaitzen dugu gaurko saioa:

"Maitasun apur bat emanez gero, zure maitasun apur bat jaso dezakezu."

"Maitatu ondokoa zeure burua bezala."

2015(e)ko azaroa 6, ostirala

PIGMALION EFEKTUA

Ba al dakizue zer den Pigmalion efektua? Inoiz entzun duzue zerbait horretaz? Bideo honekin primeran ulertuko duzuelakoan gaude.



Zer iruditu zaizue? Ados al zaudete? Zeuen artean horrela egiten duzue? Zerbait aldatuko zenukete bideoa ikusi ostean?

Jarraian irudi batzuk jarriko ditugu, aztertu ondo:





Zer ikusirik al daukate irudietako mezuek bideoan agertu denarekin? Baikorrak ala ezkorrak al dira mezuak? Horrela jokatzen duzue zuek?

DESIO BAT DUT

Kaixo guztioi!

Gaur partekatu nahi dugu zuekin Jon Aldekoetxeak (Asierren aitak) bidali digun kanta bat. Badakigu gustatuko zaizuela.

Herri biren arteko adiskidetasunaren inguruan datza. Gure Herria eta Sahara-ko basamortuaren arteko lotura berezi dago, herri biak egoera latz batean daudelako.

Zein zoriontsuak garen konturatzea eta gaizki pasatzen dutenekiko solidaritatea oso beharrezkoa dela kontzientea izatea garrantzitsuena da. Besteen zapatetan jartzea antzeko egoera batean egonda oso keinu polita da; askoz hobeto ibiliko zen guztia, guztiok horrela jokatuko bagenu... Ez duzue uste?

Asteburu ona izan!



DESIO BAT DUT

Desio bat dut.
Airean doa
sutan bilduta
zuretzat.
Piztu eta utzi hegan egiten
basamortua argi dezan.

Desio bat dut.
Gauean doa
milaka enaren antzera
habia aske eraiki dezan
maparik gabeko herrietan.

Desio bat dut.
Zeru ertzean
izar intifadak
begietan sutan.

Esan ezin den
desio bat dut
gaur gauean
Sahara, zuretzat


“Desio bat dut” Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim

2015(e)ko urria 30, ostirala

ARNASA HARTU...

Dakizuenez, arnasa hartzea funtzezkoa da bizi izateko, izaki bizidun guztiok egiten dugu etengabe eta konturatu gabe. Natura arloaren gaia da, baina ez gara ildo horretatik joango, ez dugu bizi funtziotzat hartuko oraingoan. Hurrengo bideoan ikusiko duguna funtzezkoa dela uste dugu, arnasketa mota desberdinak daude, horretan datza gaurko bideoak. Ezagutzen al duzue arnasketa motaren bat? Zertarako erabil dezakegu arnasa hartzeaz aparte?

Ikus dezagun bideoa, ea galdera hauen erantzunak aukitzen ditugun...



Beti bezala, bideoa ikusi ondoren, hausnarketarako hainbat galdera datozkigu burura:

Inoiz sentitu zarete ume hauek deskribatzen duten moduan?
Umeen arazoa al da edo uste duzue nagusioi ere gertatzen zaigula berdina?
Bakarrik balio dute aholku hauek haserre gaudenerako? Bururatzen al zaizu noiz gehiago hartu behar dugun arnasa lasaitzeko?

Eta zuk, zer egiten duzu? Arnasa hartzen duzu zeure emozioak kontrolatzeko? Elkarbanatu nahi duzu gurekin zure trikimailua? Ez bazara ausartzen guztion aurrean adierazten, ez da ezer gertatzen baina aberasgarria oso izango litzateke iruzkin batean idatziz gero!!! Eskerrik asko aldez aurretik.


2015(e)ko urria 23, ostirala

LORENZOREN ONTZIA


Kaixo neska-mutilok!

Gaurko bideoak ez du gure sarrerarik behar, oso argia baita. Beraz, arretaz irakurriz gero hurrengo istorioa, ziur gaude primeran ulertuko duzuela zein den mezua...


Ikus dezagun nor den Lorenzo eta zer gertatzen zaion! 





Polita dela pentsatu edo esan ondoren, hausnarketa sakona egin dezagun. Horretarako galdera sorta luzatzen dizuegu taldeka pentsa eta eztabaida dezazuen:

Zer deritzozue? Ume berezia al da Lorenzo? Uste duzue edozein izan daitekeela Lorenzo? Zergatik? Zer egin ahal dugu guk laguntzeko? Lorenzori ontzia behar bezala eramaten laguntzen diona, nor da? Irakaslea, gurasoa, laguna, edozein pertsona...?

2015(e)ko urria 16, ostirala

TXIMELETA BELARRIAK

Kaixo guztioi!

Gaur ipuintxo bat ekartzen dizuegu. Norbaitek esan dezake nagusiegiak zaretela ipuin bat irakurtzeko, baina ipuinek ez dute adinaz ulertzen eta, askotan, umeentzako ipuinek zertxobait irakasten digute nagusioi ere.

Ikus dezagun bideoa:



Zer iruditu zaizue ipuina? Ezaguna egin al zaizue?
Ikusitako beste bideo batekin loturarik izan ahal du? Zeinekin?
Zer nolako gomendioa ematen dio amak Maddiri? Zer iruditzen zaizkizue emandako gomendioak?
Zuen ustez, Maddik bere burua maite du? Nola dakizue?
Zer iruditzen zaizue beste neska mutilen jarrera? Zergatik esaten dizkiote gauza horiek Maddiri?

Gaur ariketa bat proposatzen dizuegu:

Idatzi iruzkin batean alde batetik zure hiru ezaugarririk onenak eta beste alde batetik zuk aukeratutako beste ikaskide batenak. Gogoratu ezaugarri positiboak izan behar direla.

Gogoratu: zeure burua maitatzen ez baduzu, nork maitatuko du?

2015(e)ko urria 9, ostirala

SARE SOZIALAK, ON LINE AL ZAUDE?

Kaixo guztioi:

Gaurko gaia, teknologia berriekin lotuta dago, hauekin zelan komunikatzen garen eta zertarako erabiltzen ditugun hain zuzen ere. Orain urte batzuk (ez hainbeste) ezin genuen irudikatu komunikatzeko era hau agertuko zenik.

Ikusi eta irakurri arretaz nerabe talde honi gertatzen zaiona:




Eta zuk? Zelako erabilera ematen diezu sare sozialei? Arazorik izan al duzu inoiz? Bideoan agertzen diren adibideak, ezagunak egiten zaizkizu?

Ez dugu publikoki zertan erantzun beharrik, baina hausnarketa pertsonalerako, erabilera kaltegarriak aldatzeko eta teknologia berrien erabilera ona egiteko baliogarria izatea espero dugu.

Aste buru ona izan!!

2015(e)ko urria 2, ostirala

SKATEISTAN

Kaixo guztioi,

Gaur ekartzen dizuegun berria Afganistanen kokatzen da. Hainbeste urteko guda baten ondorioak begi bistan daude, bereziki bere hiriburuko kaleetan. Kabul 3000 urteko hiri bat da eta bere historian zehar lortutako ospea galtzen joan da. Gaur egun, munduan zehar, pobrezia eta atzerapenaren sinonimoa da.

Eskerrak, GGKE (garapenerako gobernuz kanpo erakunde) batzuk eta hainbat pertsona anonimoak lan egin nahi dutela hango biztanleriarekin eta, horretarako, proiektuak sortzen dituztela. Proiektu hauen artean, Skateistan dago, jarraian aurkezten dizueguna.

Ekimen hau zertan datzan azaltzeko, bideo hauek lagatzen dizkizuegu. Ingelesez daude, baina ez dugu uste horrek mezua ulertzeko eragozpena izango denik.



Hurrengo bideo honetan ikusiko dugu nesken egoera nola dagoen Afganistanen, bai hezkuntzan bai beste esparru batzuetan ere, baina nabarmenena da skate baten gainean.


Imaginatzen zenituen Kabuleko neskato txikiak skaten hain ondo ibiltzen? GGKE honen hitzetan, mutilek baino askoz hobeto egiten dute! Aupa neskak!


Bukatzeko, Madinak kontatuko digu bere esperientzia. Interesgarria oso!


Irudikatzen zenuten holako erakunderik egongo zela? Zer deritzozue?
Kabul hiria nola dagoen ikusi ondoren, imaginatzen zenuten han skatearekin ibiltzeko aukera zegoela?
Horrelako eskola batean egon nahiko zenukete? Eta han bolondres moduan edo hezitzaile moduan lan egin?

Nahi izanez gero, idatzi zuen iruzkinak!

2015(e)ko iraila 25, ostirala

ILEGORRIA

Kaixo guztioi,

Joan den astean gure gizartean kanpoko itxurari ematen zaion garrantziari buruz egin genuen berba. Zoriontzua izateko, norberak bere burua maitatzearen garrantzia azaldu zenuten. Hausnarketa ederrak egin zenituzten.

Gaur ariketa ezberdin bat proposatu nahi dizuegu. Suediako iragarki bat da.

Ikus dezagun hurrengo bideoa:



Ikusi ostean ideia asko etortzen zaizkigu burura baina zuenak jakin nahi ditugu. Horretarako galdera batzuk uzten dizkizuegu: 
Zer datorkizue burura zuei? 
Uste duzue txano laranja janzten duena ausarta dela? 
Egingo ote zuen gauza bera bakarrik balego?
Nor da ausartaren papera jokatzen duena?
Inoiz sentitu zarete "ilegorri"? 
Zelan konpondu zenuten? 
Ilea tintatzen duenaren laguntza bezala jaso zenuten? 
Zer deritzozue bere ekimenari? 
Jokatuko zinateke berdin horrelako arazo baten aurrean?
Batzuk ez dute ezer egin, ez alde ez kontra. Zer deritzozue haien jarrerari?
...

Ikusten duzuenez hausnarketa dexente etortzen zaizkigu burura... Beharbada galdera guztien erantzuna ez daukazue, edo ez duzue elkarbanatu nahi... Ulergarria da oso, errespetu osoz jokatuko dugu eta hurrengo bideora joko dugu. Ikusi ostean, ziur ondorio anitz entzungo ditugula.



Ikusitako bigarren bideo honi buruz beste galdera batzuk sortzen zaizkigu:

Nola lortzen dute arazoei aurre egitea animaliek?
Zer da onena animalia hauentzat: oso indartsua, handia, azkarra, liraina... izatea edo babestuta sentitzea momentu zailetan? Zergatik?
Gizakiok behar berdina daukagu?
Gizartearen, hau da, taldearen indarra, ondo erabiltzen dugu? Noiz erabiltzen dugu ondo? Noiz ez?

Bukatzeko, azken gogoeta bat: 

Oso erraza da besteei mina egitea. Oso poteretsuak senti gaitezke. Besteak baino hobeak garela pentsa dezakegu. Baina, geure bizitzan aurrera joan ahala, konturatuko gara guztiz kontrakoa dela. Poteretsuagoa, hobea, zoriontsuagoa eta maitatuagoa sentitzen da besteak zaintzen dituena.

Izan gaitezen ilegorriagoak!


2015(e)ko iraila 18, ostirala

DENOK GARA BALIO HANDIKOAK

Kaixo guztioi,

Antza denez, gure gizartean, nolakoa zaren askoz garrantzitsuagoa da nor zaren baino. Aspalditik ikusi dugu nola emakumezkoak argalak izan behar diren edo gizonezkoak gihartsuak, nola emakumezkoek depilazioa jasan behar duten eta abar.

Zuetariko batzuek gogoratuko duzue nola udan, Athletic-ek AEBetan lagunarteko bat jokatu zuen, Idaho estatuko Boise hirian. Bertan bizi da Amy, hurrengo bideoko protagonista. Bere gorputza nolakoa zen onartzeko arazoak izan ditu Amy-k. Oso ibilbide luzea egin du eta azken geltokia hiri hartako merkatu batean gertatzen da. Ikus dezagun nolako erantzuna duen jendeak...



Radical Self-Acceptance: An Experiment/Performance by Amy Pence-Brown from Melanie Flitton Folwell on Vimeo.

Zer deritzozue Amyren ekintzari?

Zuen ustez kanpoko itxura garrantzitsua da? Zer punturaino?

Beti bezala, zuen iruzkinak ongi etorriak izango dira!

2015(e)ko iraila 11, ostirala

9/11 14 URTE JADANIK

Kaixo guztioi,

2001eko irailaren 11 ez dute sekula ahaztuko New Yorken, AEBn eta, segur aski, mundu osoan ere. Agian zuetariko batzuk joan zarete NYera eta han dagoen World Trade Center 9/11 Memorial bisitatu duzue. Memorial dagoen lekuan, lehen, bi zeru-harraskari zeuden, Dorre Bikiak hain zuzen. Al-Qaedako terroristek bi hegazkin bahitu eta bi dorreen kontra jo zituzten.

3000 lagun inguru hil zen egun hartan eta mundu osoak ikusi zuen nola filmeetan hainbat aldiz ikusitako eraikinak errausten ziren. Oso egun triste izan zen hura baina, egia esan, egunero gertatzen dira atentatuak munduko hainbat lekutan, gertatzen dena da hain famatuak ez izatearren ez dutela horrenbeste arreta lortzen.

Gaur ez dugu atentatua aztertu nahi, baizik eta zer egiten ari den NYen galdutako lagunak gogoratzeko. 

Hona hemen bideo bat


REFUGEES WELCOME HERE!

Kaixo guztioi!

Azken egunotan Europar Batasuneko diplomaziak eta erakundeak buru belarri dabiltza Siriako errefuxiatuei eman behar zaien laguntza antolatzeko.

Galdera batzuk sortzen zaizkie eta, bitartean, euren erabakiei begira dago mundu osoa.

Europako biztanleria errefuxiatuak laguntzeko prest dago eta gure erakundeak lehenengo pausuak ematen doaz.

Hego Euskal Herriak Siriako 1.200 errefuxiatu hartuko ditu. Gai honi buruz gehiago jakiteko, albiste bat luzaten dizuegu (ikusteko banderaren irudian sakatu behar).



Berria irakurri ondoren, zein da zuen iritzia?

Imagina ezazue klasera siriako lagun bat heltzen zaigula eta komentatu zer egin beharko genukeen bera eroso sentiarazteko.

HAS/ZTERA GOAZ!

Ongi etorriak, 6. mailako ikasleak, familiak eta irakasleak!

Blog honetan parte hartzen, beste era batean ikasten eta hazten gonbidatzen zaituztegu.

Oraindik itxura aldaketa batzuk egongo dira, hau lehenengo bersioa baino ez baita.

Argitalpenak gustoko izango dituzuelakoan gaude, baina zuen iruzkinekin parte hartzea espero dugu ere!

Gora Deustuko Ikastola eta 6. maila!

6. mailako irakaslegoa.