2015(e)ko azaroaren 27(a), ostirala

FUTBOLA

Kaixo guztioi!

Gure gizartean futbolak badauka pisu handia. 2006. urtean FIFAk eginiko ikerketa batek argitzen zuen nola, mundu mailan, 265 milioi pertsona jolasten ziren futbol talde batean. Gaur egun kopuru hori %15a inguru igo da.

2013an Espainian beste ikerketa bat egin zuten eta emaitzen artean hauek topa ditzakegu:

- Biztanleriaren %68a talde baten zalea da: gizonezkoen %79,6a eta emakumezkoen %58,3a

- Gizonezkoen erdiak ikusten du futbola telebistan eta emakumezkoen herenak ere bai.

- Familien %20ak inguru erosi zituen sarrerak partida batera joateko.

Gauzak horrela, esan dezakegu futbolak begi asko dituela bere gainean eta, horregatik, baloreak landu behar izango zituela baina, egia esan, oso kirol matxista da eta, normalean, garrantzitsuena garaipena da. Taldeek, futbolariek, agintariek zein zaleek, ez dakite galtzen.

Hemen uzten dizuegu berri bat hemendik oso gertu gertatu dena. Sestaon hain zuzen ere. Han, partida bat jolasten ziren Sestao River eta Santurtziko Gazteak, alebin mailan, hau da, zuen adinekoak gutxi gora behera. Irakur dezagun zer gertatu zen penalty batekin...

Zuek jaurtitzailearen lekuan egon bazinate, zer egingo zenuketen? Zer iruditzen zaizue entrenatzaileak hartutako erabakia? Zergatik erabaki zuen hori? Marcelo Bielsa Athletick-eko entrenatzaile ohiaren hitzetan "Irabazi baino askoz garrantzitsuagoa da nola irabazten den". Zer deritzezue?

Lehen aipatu dugu futbolak, nahiz eta emakumezkoen zaletasuna gero eta handiagoa izan, jarraitzen duela kirol matxista izaten. Aste honetan emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapena egin dugu eta, futboleko matxismoa beste bortizkeri mota bat da. Agian gure aldarrikapena desberdintasunaren kontra izan beharko zen. Horregatik proposatzen dizuegu hurrengo bideoa. Esperimentu honetan, neska bat "mozorratzen" da mutilekin jolastu ahal izateko. Zein uste duzue izango dela emaitza?




Ikusi dugunez, maiz, desberdintasuna gure buru kutsatuetan baino ez dago eta emakume bat gizon bat bezain ondo edo hobeto jolastu ahal da futbolean, baina garrantzitsuena bizitzaren esparru guztietan kontu berdina gertatzen dela jakitea da. Sinesmen hauei "estereotipoak" esaten zaizkie. Ezagutzen al duzue estereotiporen bat? Nola sentitzen zarete horrelako sinesmenak entzutean? Klasean ikusitako zer efekturekin lotu dezakegu hau?

Emakumezkoak oso baliotsuak direla ez dago zalantzarik. Guztion artean egin dezagun lehenengo mailako talde puntero bat sexuari erreparatu gabe, eta hel gaitezen lehenengo postura elkarri laguntzen!!

AUPA GIZAKIOK!!!

MAISU - MAISTREN EGUNA

Kaixo guztioi:

Jai eguna ez izan arren, denbora ateratzea post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko" bakarrik, baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereño berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik ere ikasten dugulako...

Ziur naiz askotan pentsatuko duzuela zuek izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaudete!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zuekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzteten asmatzen zer...








Argiago ikusten duzue orain? Beti bezala, azal dezakezue iruzkinetan!!

2015(e)ko azaroaren 25(a), asteazkena

AZAROAK 25

Kaixo!

Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeri mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Urrunago joan nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera.

Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta María Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.

1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzuenez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 34 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.

Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea... 

Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, bi bideo proposatzen dizkizuegu. 

Lehenengo honetan umeak izaten dira protagonistak. Zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jotzeko agintzen badizute? Ikus ditzagun ume hauen erantzunak:





Bigarren bideo hau emakumeei zuzenduta dago, baina horrek ez ditu gizonezkoak kanpoan uzten edo baztertzen, ez! Zeuek, mutilok ere, bideoaren mezuek helarazten digutenarengandik ikaskuntza egin dezakezue. Emakumeak animatzea du helburu nagusi. 

Arretaz irakurri:




Gogoratu: izaten garena izaten garela geure burua maite behar dugu eta albokoak izaten direna izaten direla ere bai. Errespetuz joka dezagun! Baina ez bakarrik gaur egun "berezia" delako, beti baizik.

INOLAKO BORTIZKERIARIK EZ, SEKULA ERE EZ!

2015(e)ko azaroaren 20(a), ostirala

HAURREN ESKUBIDEEN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi!

Gaur, azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 56 urte, hau da, 1959an. Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en webean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.

Hitzarmenak argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten hizarmena sinatu.

Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:



Argi baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina, benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen dizuegu.



Zer deritzozue bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzue orain betebeharren kontua? Bazenekiten hauek zuen eskubideak zirela? Eta zuen betebeharrak hauek izango zirela espero zenuten? Txanpon batek bi alde ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.

Ikusi berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, denetik baitaukagu, baina beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunen bat topatzen dugun:


Lortu duzue ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizue ezkerreko eta eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak? Justu al da hori? Eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?

Ez dugu sarrera hau amaitu nahi atzo bertan jaso genuen  McDonalds-en kanpaina baten iragarkia txertatu gabe, harrituta utzi gintuen eta gaurko gaiarekin lotuta dagoenez, zuekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:



Espero zenuten honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozue? Bazenekiten horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?

Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizuegu...


Komentatu eta ikusi dugun guztia daukazuen zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.

Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazuen zorteaz gozatu!
Asteburu ona izan!

2015(e)ko azaroaren 17(a), asteartea

EUSKAL HERRIKO IJITOEN EGUNA

Kaixo guztioi!

Atzo, tolerantziaren eguna izateaz gain, EHko Ijitoen Eguna ospatzen zen ere bai. Guretzat ez zen egun berezia, baina eurentzat bai, oso. Ez soilik Nazioarteko Flamenkoaren Eguna izateagatik, euren herriaren kultura EHko kulturaren zati bat delako.

Bazenekiten 1430 urtearen inguruan ijitoak Euskal Herrira etorri zirela?



Eta hasieran oso artisau ospetsuak zirela? Gaur egun, gure herrietako hainbat jai herrikoien artean, ijitoekin lotura zuzena duten batzuk ospatzen dira, adibidez, Donostian, kaldereruena.



















Urrunetik etorritako artisauen hizkuntza Caló zen, eta gurea Euskara. Talde bien arteko komunikazioari ekiditzeko, erromintxela sortu zen. Hemen uzten dizkizuegu adibide batzuk, agian baten bat ezaguna egingo zaizue...

Ama: batia
Aita: batoa
Burua: keroa
Eskua: basta
Hanka: pindrua
Izena: txipa
Etxea: kera
Denda: mertxa
Handia: baroa
Txikia: txinoa
Polita/ederra: pukerra
Ona: latxoa
Ura: pañia
Esnea: xuta
Txakurra/Polizia: txukela
Katua: txitxaia
Lan egin: kurratu
Eskatu: mangatu
Maitatu: piratu
Edan: piautu
Joan: najel egin
Begiratu: dikelatu
Egin: kerau

Etnia guztietan jende ona eta jende txarra dago, gizakiok garelako. Gure artean harreman hobeak izateko bi hitz dira garrantzitsuenak: errespetua eta ezagutza. Ezagutu behar ditugu besteen kultura, egoera, tradizioak... ezberdintasunak errespetatzen. Horrela lortuko dugu bestearen errespetua eta interesa.

Zorionak ijitoei, ijitoekin lan egiten duten pertsonei eta ijitoak ezagutzen ahalegintzen direnei. Aupa zuok!






BEGIA BEGI TRUK... TOLERANTZIAREN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNEAN

Kaixo guztioi:

Hau kontraesana!! Atzo, tolerantziaren aldeko nazioarteko egunean, horrelako albiste txarra jaso behar: Frantziak mendekua hartu eta bonbardaketak egin ditu Sirian. Lotsagarria benetan!

Gaur dela 20 urte, UNESCOk Tolerantziari buruzko aldarrikapena ezarri zuen. Bertan adierazten da tolerantziak nazioarteko giza eskubideak eta herrien aniztasuna antzematen dituela. Antza denez, hau, munduko agintariei ahaztu egin zaie azken egunotan... Zelako eredu ematen digute? Penagarria...

Ez dakigu noraino iritsiko garen... Bitartean, ez dugu itxaropena galdu behar, hurrengo bi irudi hauetan adierazten den moduan.



 
 



2015(e)ko azaroaren 14(a), larunbata

PARIS ON T'AIME

Kaixo guztioi,

Atzo klasean "Mesede katea" sarrera eztabaidatu genuen eta gure artean komentatzen genuen zein garrantzitsua den solidaritatea, laguntza, maitasuna... partekatzea. Bart, bederatziak aldera, Parisen, 5 atentatu gertatu ziren. Helburu bakarra: ahalik eta hildako gehien eragitea. Emaitza: 127 hildako, 192 zauritu eta horietatik 79 larri.

Hemen uzten dizuegu irudi bat eta bertan sakatuz gero, Berria egunkariaren albiste batera eramango zaituzte.

Egun beltza Europan. Beste bat. Baina, tamalez, ez bakarra munduan. Herenegun, Libanon izandako atentatuaren albistearekin argitu zuen eguna. 43 hildako eta 239 zauritu Estatu Islamikoaren eskutik ere bai.

Zalantza barik, mundua erotuta dago. Noiz arte horrelakorik?




Amaitu nahi dugu hizkuntza anitzetan bakea eskatzen duen irudi batekin eta mundua bakean irudikatzeko animatzen gaituen kantu ezagun batekin. Mundua bakean ezagutuko dugun itxaropena ez dugu inoiz galdu behar!








Bukatzeko, Libek bidalitako irudi bat uzten dizuegu. Benetako bakerako gonbidapena izan dadila.


2015(e)ko azaroaren 13(a), ostirala

MESEDE KATEA

Kaixo guztioi:

Gaurko bideoak "Maitasuna" du izenburua, eta hainbat ideiarekin lotu dezakegu. Maitasunez eta errespetuz jokatzen badugu, jasoko ditugun erantzunak horrelakoak izango dira ere bai. Maitasuna eta jokaera onak kutsakorrak dira. Hori guztia, oso modu xarmantgarrian azaltzen da hurrengo bideoan. Ikus eta goza dezagun!!



Bideoa ikusi ondoren, ulertzen al duzue sarreraren izenburua? Zer da mesede katea? Zergatik izenburu hori? Gure ikastola edota gelako esparruan horrelako zerbait martxan jar daitekeela uste duzue? Zertan? Hobeto ibiliko ziren gauzak bihotzez eta jokaera onak izanez gero?

Bideoan agertzen diren azkenengo esaldien itzulpenarekin amaitzen dugu gaurko saioa:

"Maitasun apur bat emanez gero, zure maitasun apur bat jaso dezakezu."

"Maitatu ondokoa zeure burua bezala."

2015(e)ko azaroaren 6(a), ostirala

PIGMALION EFEKTUA

Ba al dakizue zer den Pigmalion efektua? Inoiz entzun duzue zerbait horretaz? Bideo honekin primeran ulertuko duzuelakoan gaude.



Zer iruditu zaizue? Ados al zaudete? Zeuen artean horrela egiten duzue? Zerbait aldatuko zenukete bideoa ikusi ostean?

Jarraian irudi batzuk jarriko ditugu, aztertu ondo:





Zer ikusirik al daukate irudietako mezuek bideoan agertu denarekin? Baikorrak ala ezkorrak al dira mezuak? Horrela jokatzen duzue zuek?

DESIO BAT DUT

Kaixo guztioi!

Gaur partekatu nahi dugu zuekin Jon Aldekoetxeak (Asierren aitak) bidali digun kanta bat. Badakigu gustatuko zaizuela.

Herri biren arteko adiskidetasunaren inguruan datza. Gure Herria eta Sahara-ko basamortuaren arteko lotura berezi dago, herri biak egoera latz batean daudelako.

Zein zoriontsuak garen konturatzea eta gaizki pasatzen dutenekiko solidaritatea oso beharrezkoa dela kontzientea izatea garrantzitsuena da. Besteen zapatetan jartzea antzeko egoera batean egonda oso keinu polita da; askoz hobeto ibiliko zen guztia, guztiok horrela jokatuko bagenu... Ez duzue uste?

Asteburu ona izan!



DESIO BAT DUT

Desio bat dut.
Airean doa
sutan bilduta
zuretzat.
Piztu eta utzi hegan egiten
basamortua argi dezan.

Desio bat dut.
Gauean doa
milaka enaren antzera
habia aske eraiki dezan
maparik gabeko herrietan.

Desio bat dut.
Zeru ertzean
izar intifadak
begietan sutan.

Esan ezin den
desio bat dut
gaur gauean
Sahara, zuretzat


“Desio bat dut” Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim