2016(e)ko urtarrila 22, ostirala

GOZATU KAFEAZ!

Kaixo guztioi!

Sarreraren izenburua ikusita, gaurko saioan kafeaz arituko garela uste al duzue? Argi dago ezetz, baina zerekin lotu dezakegu? Bideoa ikusi baino lehen, minutu bat emango dugu pentsatzeko eta ideiak botatzeko.

Ikus dezagun...




Guztiok daukagu kikara bat, zein da zurea? Ez da beharrezkoa ozenki esatea, nahikoa da horretaz hausnartzen badugu eta ohartzen bagara zein den...

Gure ustez, askoz zoriontsuago bizi izango gara gauza materialei horrenbeste inportantzia ez badiogu ematen. Adibide hurbila daukagu: Gabonak izan dira eta, ziur gaude, hamaika mila opari jaso dituzuela eta normalean baino askoz ere gehiago jan duzuela... 

Inoiz gelditu egin zarete une batean pentsatzeko zer gertatzen den dirua ez daukatenekin? Zelan ospatu dituzte egun berezi horiek? Oparirik jaso al dute? Eta, zuen ustez, ez badute jaso, zoriontsuak izan dira? Beharrezkoak dira opariak eta oturuntzak zoriontsu izateko? Beste aukerarik ba al dago?

Honek guztiak gogora ekarri digu liburu hau:


Saharan diru askorik ez badaukate ere, harea bai eta ondo pasatzeko eta gozatzeko gogoa ere bai. Bistan dago, bestela ezin izango zuten harearekin jolasteko liburu oso bat argitaratu, ezta?

Erreza ez dela izango badakigu, baina zeure kikarari garrantzi gutxiago ematen eta daukazunarekin bizitzaz gozatzen saiatuko zara hemendik aurrera?

Asteburu on pasa eta, beti bezala, zuen iruzkinak ongietorriak izango dira!

2016(e)ko urtarrila 15, ostirala

TXIMELETAREN ZIRKUA

Kaixo guztioi!

Ohituta gaude sarreratxo bat egiten bideoa edo ekarpena ikusi baino lehen. Gaur ez dugu horrela jokatuko, uste baitugu bideo hau nahiko mamitsua dela eta ez duela sarrera handirik behar. Horrez gain, ez zaituztegu baldintzatu nahi ezta aurreiritzirik sortaraztea nahi.

Ohartxo bat bakarrik hasi baino lehen: normalean baino luzetxoagoa da.




Kontu asko aztergai daude bideo honetan baina pertsonaia batengan zentratuko gara: Willengan. Ez gara fisiko hutsean fijatuko, argi baitago guztiok besoak eta hankak ditugula. Hala ere, Willekin identifikatuta sentitu zarete inoiz, hau da, ahalmenik gabe? Horrela sentitzen denik ezagutu edo ezagutzen duzue? Zerbait egin dezakezuela uste duzue?

Orain, Willen jarrera azter dezagun; horretarako, hainbat momentu bereiz ditzakegu.
- Hasiera-hasierakoa, lehenengo zirkuan dagoenean, alegia. Zelan sentitzen da? Aukerarik al dauka besterik egiteko? Norbaiten laguntza jasotzen du?
- Ondoren, handik ihes egiten duenean eta furgonetan izkutatzen denean. Zelan uste duzue senti daitekeela bere helburua lortzean? Norbaiten laguntza jaso du egoera horretan?
- Tximeletaren zirkuaren lagunekin dagoenean hasiera batean. Lehengo zirkuan baino hobeto sentitzen dela uste duzue? Momentu txarrik somatu duzue?
- Eta azkenik, uretara erori ondorengoa. Nork eta nola laguntzen dio Willi?
Hau guztia aztertu ondoren, zer deritzozue Willen jarrerari une bakoitzean?

Amaitzeko, azkenengo galderatxo bat: bazenekiten Willen papera antzezten duen aktorea, Nick Vujcic, hainbat lekutara doala urtero jendea bere gaitasunez ohartarazten laguntzeko asmoz?

Hasieran aipatu dugun moduan, film hau oso esanguratsua da eta jarrai genezake galderak egiten edo egoerak aztertzen. Orain zeuen txanda da, zerbait gehiago adierazi nahi baduzue, aurrera! Iruzkinetan utzi!!

Asteburu ona izan.

2016(e)ko urtarrila 12, asteartea

CHARLES PERRAULT

Kaixo!

Ezaguna egiten zaizue post honen izenburuan agertzen den izena? Seguraski ezetz... Baina Txanogorritxo, Erpurutxo edo Loti Ederra aipatzen baditugu, ezagunak al dira? Hurrengo irudian sakatuz gero, gauza bien lotura aurkituko duzue. 

Ikertu eta elkarbanatu iruzkinetan!!!