2016(e)ko ekaina 23, osteguna

EZ ETSI

Kaixo 6M!

Iritsi da azken eguna, iritsi da kapitulu honetan amaierako puntua idazteko momentua. Lehen Hezkuntza amaitu duzue eta agur esateko unea iritsi zaigu. Irailean abentura berri batean abiatuko zarete, zuen bizitzako kapitulu berria idazten hasiko zarete. Orain ixten duzuen kapitulu honetan ikasitako guztia praktikan jar dezazuen espero dugu. Hala ere, zailtasunak aurkituko dituzue, erronka berriak, beldur izango zarete, baina aurrera jarraitu behar duzue. Ez utzi inoiz idazteari, ez egon geldirik, bizitza aurrera doa eta egoera guzti-guztietatik saiatu behar duzue zerbait ikasten.

Ikus dezazuen zein azkar doan bizitza, hemen duzue oso adibide bikaina:



Beraz, aprobetxa ezazue aukera bakoitza, ez galdu denbora eta BIZI!!

Amaitzeko eta blog honi agur esateko, guk, azken atalean lagundu zaituztegula, zuentzat espresuki bihotz-bihotzez sortutako bideoarekin agurra eman nahi dizuegu. Gustatzea espero dugu:



Ondo segi neska-mutilak!

2016(e)ko ekaina 21, asteartea

EUROPAKO MUSIKA EGUNA

Kaixo 6M!

Gaur, ekainak 21, Europako Musika eguna da. Ez genekien, baina Luciari esker horren berri izan dugu, ikerketa eginda eta Musika Bulegoa elkartea ezagutu dugu, musikaren sektoreko eragileen topagunea eta lankidetza-eremu irekia, eta Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musika bultzatzeko eta indartzeko asmoz sortua.

Musika Bulegoaren proiektuan barne, Musikaren balioa trasmititzeko, Anjel Lertxundik hurrengo manifestua egin du. Entzun adi!




Erakunde berdinak, bideo polita argitaratuta dauka, Miren Amuriza bertsolariak musikaren inguruan idatzitako manifestuarekin eginda. Oso istorio polita da, edukiagatik alde batetik eta bideoaren produkzioagatik bestetik.

Hona hemen manifestua:



Eta bideoa:



Zugan ba al dago musika?

2016(e)ko ekaina 20, astelehena

ERREFUXIATUEN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dugu. Gutxi gehiago gehitu ahal dugu gai honetaz, dagoeneko dena esanda dago. 

Hala ere, gaurko egunean, haiena hain zuzen, zerbait utzi nahi genizuen hemen. Gure besoak eta bihotzak zabaldu nahi dizkiegu txoko txiki honetatik gure ulermena eta laguntasuna adierazteko.

2016(e)ko ekaina 16, osteguna

EMOZIOAK

Kaixo 6M!

Sentimenduak eta emozioak pil-pilean dauden momentu honetan, bizitzarako baliogarria den beste gai bat ekartzen dizuegu gaur.

Ziur ez dela termino berria eta askotan entzun dugula, baita erabili ere... Baina, norbait ausartzen da emozioak zer diren azaltzen? Inside out pelikula ikusi baduzue (ez baduzue egin, gomendagarria da oso), oinarrizko emozioak gogoratuko dituzue: poza, haserrea, beldurra, amorrua eta nazka. Guzti-guztiak gurekin bizi dira, eta momentuaren arabera, hauetako baten bat agerian egoten da.




Gorago aipatu dugun moduan, gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute. 

Baina, kasu egiten diegu geure emozioei? Arreta jartzen dugu ulertzeko zer esan nahi diguten? Denbora gehiago eman beharko genioke horri, ez duzue uste? 

Horretarako existitzen da adimen emozionala, pertsona batek era orekatuaz emozioak eta sentimenduak adierazteko eta besteenak ulertzeko trebezien multzoa. Erreza dela uste duzue?






Aurreko irudian isladatzen den moduan, Adimen Emozionalaren trebetasunak dira emozioak hautemateko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna eta emozioak adierazteko trebetasuna. Baina mundu guztiak ez daki emozioak maneiatzen, hori ere ikasi egiten da, eta ez egun batetik bestera. Horretaz aparte, ez uste umeen kontua denik bakarrik, nagusiona ere bai. Ez da lan erreza emozioak behar bezala hautematen, erregulatzen eta ondo adierazten. Denbora dexente eskaini behar zaio. Hemendik zer edo zer landu dugu ikasturtean zehar, batez ere zuen arteko gatazkak bideratzen laguntzeko.

Kontuan izan behar dugu ez garela bakarrik bizitzen eta besteekin elkarbizi behar dugula. Zaila da, batez ere emozioek (interpretagarriak direnak) parte hartzen dutenean. Erresilientzia kontua landu genuenean, azaldu genuen guztiok ez dugula berdin jokatzen egoera berdinaren aurrean. Berdina gertatzen da emozioekin, eta gure ingurukoenak kontuan izan behar ditugu. Beharbada ez ditugu ulertzen, baina onartzen ikasi behar dugu. Geure emozioetatik hasi eta besteekin ditugun elkarrekintzetan emozioek nola eragiten diguten aztertu behar da.

Ohartu behar dugu ere bai inportantea dela jakitea zer dagokion geure buruari, zeri eman behar diogun garrantzia eta denbora. Hori argi izango bagenu, hobeto joango zitzaigun guztia. Prestatutako bideoa argiago azaltzea eta horretatik martxan jartzeko ondorioak atera ditzazuen espero dugu .






Sarrera amaitzear dago eta zuekin barre egin nahiko genuke, horregatik, gaurko gaiarekin eta aipatutako filmarekin zerikusia duten bi laburmetrai partekatu nahi ditugu. Agian ikusita dauzkazue (filma ikusi duzuenok azkena ezaguna egingo zaizue), baina horrela ez bada, disfrutatzea espero dugu:









Seguru aski guztiok ikusi dugula gure burua bideo hauen eszenaren batean isladatuta, eta norbaitek zer edo zer komentatu nahi badu, aukera aparta dauka orain guztiokin partekatzeko. Bestela, badakizue iruzkinak utz ditzakezuela.

Bukatu aurretik, aholku bat: nahiz eta orain ez diezuen garrantzirik ikusten gai hauei, DBHra joaten zaretenean, jakin dezazuen blog hau zabalik jarraituko duela eta hona jo dezakezuela nahi duzuen bakoitzean. Hemen sortu dugun guztia zuentzat da eta eskuragarri izango duzue.

Ondo segi!

2016(e)ko ekaina 15, asteazkena

HOMOFOBIA

Kaixo 6M!

Lehen berri polit bat aurkeztu badizuegu ere, oraingoan asteburuan gertatutako oso berri triste batekin gatoz... Azken bolada honetan, gelan homofobiaz aritu gara behin baino gehiagotan eta horrekin dago lotuta albistea.

Homosexualak elkartzen diren lokal batera sartu zen, eta festan zebiltzanen kontra tiro egin zuen 29 urteko gizonezko batek, rifle bat eskuetan. 50 hildako egon ziren eta zauritu asko. Poliziak ere tiro egin zuen, eta erasotzailea hil zen tiroketan.

Ikusten duzuenez, berriro ere eredu txarra baino txarragoa dugu eraso homofobo hau. Horregatik, hemendik biztanle zibilen aurka egindako edozein motatako eraso, terrorismo edo homofobia adierazpen gaitzestu nahi dugu, baita Orlandon jazotako erailketak direla eta dugun haserrea eta amorrua, eta biktimenganako eta senideenganako elkartasuna adierazi nahi ditugu ozen baino ozenago.


GERTUKO EREDUA ERREFUXIATUEKIN

Egun on 6M!

Sarritan aipatu dugu errefuxiatuen kontuaz zer egin genezakeen... Hemendik oso gertu antolatu den ekintza partekatu nahi dugu zuekin:



Zorion beroenak eman nahi dizkiegu hemendik lasterketan parte hartu duten neska-mutil guztiei eta ekintza aurrera eramateko posiblea egin duten horiei guztiei.

Lan bikaina egin duzue!!

ZORIONAK BIHOTZ-BIHOTZEZ!!

2016(e)ko ekaina 13, astelehena

EKAINAK 12

Kaixo 6M!

Ikasturte osoan zehar landu egin dugu errefuxiatuen inguruko gaia eta hausnartu dugu gauza gehiago egin beharko zirela euren egoera hobetu dadin.

Gaur dela 74 urte, 13 urteko neskato errefuxiatu bat bere egunkaria idazten hasi zen eta horri esker famatu bihurtu zen mundu osoan. Anna Frank-ez ari gara.



Laguntzat zeukan bere egunkaria, esaldi honekin hasi zen idazten: "Gauza guztiak esan ahal izango dizkizut, nik uste, orain arte inori ez bezala, eta laguntza handia emango didazula espero dut". Eta horrela izan omen zen, ez zoratzeko laguntzailea izan zitzaion neskatilari. Bizitza honetan gehien kostatzen dena nahi du idazleak eta hainbat kontu isladatzen ditu bertan: nor den eta zer gertatzen zaion jakin nahi du. Galera larriak, bat nerabea denean. Askatasuna nahi du, askatasun fisikoa ezin bada, gutxienez pentsamenduarena: pertsona nagusiak kritikatzen ditu, barre egiten die; nahasmendua sentitzen du, larritasuna, eta kexu da. Baina maitasuna ere badu... 

Uda honetan ez badakizue zer irakurri, ziur eLiburutegian aurkituko duzuela eta gozatuko duzuela.

Efemeride hau albo batera utzita, gaur egungo kontuarekin gatozkizue:

Tamalez, Tito Marcio Plauto erromatar komediografoak K.a. II. mendean lehenengoz eta Thomas Hobbes Ingalaterrako filosofoak XVII. mendean esan zutenez "Homo homini lupus", hots, "gizona gizonarentzat otsoa da". Bai lagunok, ustelduta dago gizartea eta hainbat berritan isladatzen da.

Gaur, ekainak 12an, Haur Lanaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Zoritxarrez ez dago ezer ospatzeko gaurko egunean, asko aldarrikatzeko baizik! Tamalgarria da benetan, XXI. mendean oraindik ere egoera hori existitzea eta 5 eta 14 urte bitarteko 120 bat milloi haur (neskak zein mutilak) lan-munduratuak egotea. Zergatia? Hainbat arrazoi daude, besteak beste, pobrezia, oso kalitate eskaseko lanak egotea, haurrak babestuko dituen gizarte-asistentzia eza eta haurrak eskolaratuak ezin lanerako adin legala arte mantendu ahal izatea. Haur langile gehienak ez dira eskolara joaten. Beste batzuk, lanera zein eskolara joanda ere, pixkana-pixkana eskolara joateri uzten diote. 

Hona hemen albisteetako berria:





Datu harrigarriak, ezta? Jarraian txertatutako bideoaren protagonista zuen adineko umea da, inoiz ez dena eskolara  joan eta irakurtzen eta idazten ez dakiena.



Uste duzue Aishak zerbait aldatzeko aukera izango duela etorkizunera begira? Zelan? 

Gurpil zoro honi amaiera ematea ez da batere erraza. Mundu-mailako erronka dugu hau, hezkuntza-bidetik bestetik konponduko ez den problema bat edozein kasutan. Kalitate oneko, dohainik zein derrigorrezkoa izango den hezkuntza-sitema bat da honen soluziobide bakarra. Izan ere, eskolara joateak hain zuzen, lan mundutik urrun mantentzen ditu umeak eta lan duin baterako trebatu ere.

Problema hau pixkanaka konpontzeko nazio-mailako ekintzak behar dira, egoera horretan dauden umeak identifikatu haiengana ailegatu ahal izateko. Haur Lanaren Kontrako Egunean aukera ezin hobea dugu blog xume honetatik ozen eta argi aldarrikatzeko umeek ez dutela inondik lanean egon behar eta bai aldiz eskolan.

Espero dugu etorkizunean, egun hau desagertzea haur guztiek haien eskubideak dituztelako eta, hortaz, ez dutelako lan egin behar.

Aste ona izan!

2016(e)ko ekaina 8, asteazkena

KOMUNIKAZIOAREN GARRANTZIA


Kaixo 6M!

Natura arloan ikasi duzuen moduan, izaki bizidunen bizi funtzioen artean erlazioarena dago. Erlazio funtzioa, ingurunetik informazioa partekatzen eta interpretatzen datza, hau da, komunikazioak garrantzi handia dauka erlazioak garatu ditzagun.

Honekin lotuta dauden galdera batzuk egin nahi dizkizuegu: zer da komunikazioa zuen ustez? Era ezberdinetako komunikazioak al daude? Gauzak adierazteko moduak garrantzirik al du?

Sarrera honetan landu nahi duguna ez da gai berria zuentzat. Zuen familiek, irakasleok eta zuek zeuek ere ildo honetatik jo dugu aspalditik (eta, tamalez, jarraituko dugu ez duzuelako behar bezala egiten...). Askotan aukeratzen duzuen komunikatzeko era ez da egokiena eta ez duzue tratu ona ematen ezta jasotzen ere...

Suposatzen da hurrengo eskema, komunikazioarena hain zuzen, noizbait ikasi behar izan duzuela, baina baten bati ahaztu bazaio, gogorarazten dizuegu:



Agerian dago komunikazioa ez dela bakarka egiten den ekintza, bi pertsonek edo gehiagok hartzen dute parte. Hau Michel de Montaignek oso ondo azaldu zuen: "Hitzaren erdia esaten duenarena da eta beste erdia entzuten duenarena."

Komunikazioan gure jarrerak pisu handia dauka. Ikus dezagun zenbat komunikazio mota dauden jarreraren arabera:



Bazenekiten zeintzuk ziren komunikazio mota ezberdinak? Zuen ustez, zein da hoberena? Zuen burua isladatuta ikusi duzue? Zeinekin? Aukeraketa egokia da?

Ikusitako bideoan ez da azaltzen zer den komunikazio efektiboa, horregatik, bi bideoen bitartez saiatuko gara ulertzen.

Goazen lehenengo bideoa ikustera.



Zuen ustez, hitzik gabeko komunikazioa egon daiteke? Ba al dakizue nola deitzen da komunikazio mota hau? Jarreran fijatzen bagara, zer nolako komunikazioa egon da lehenengo bi animalien artean? Eta beste bien artean? Nortzuk lortu dute euren helburua?

Goazen bigarren bideoarekin:



Kasu honetan badaude hitzak, baina guztiek ez dute lortzen helburua betetzen. Zergatik? Jarreran zentratzen bagara, nolakoa izan da komunikazioa kasu bakoitzean? Zein animaliak lortzen du komunikazio efektiboa izatea? Eta zelan egiten du?

Ikusi eta aipatu dugunez, gauzak nola adierazten ditugun eta hitzik gabeko komunikazioa oso garrantzitsuak dira, komunikazio efektiboa lortu nahi izanez gero, noski! Gure jarrera egoerari egokituta ez badago, edo esandakoarekin bat ez badator, gure helburua ez da burutuko, edo burutuz gero, bidean, beste gauza batzuk galdu ditzakegu: lagunak, besteak beste.

Espero dugu gaurko saioan zer edo zer ikasi izana, bizitzarako baliogarria izango den beste tresna bat lortu izan dezazuen eta komunikatzerako eraren inguruko hausnarketa egin dezazuen.

Asteburu ona izan!


2016(e)ko ekaina 7, asteartea

TAMALEZ, BERDINTASUNIK EZ...

Kaixo 6M!

Suposatzen dugu atzo planteatzen genuen zalantza argitu egin dela jakingo duzuela dagoeneko. Denetik entzun da prentsan eta sare sozialetan eta aukera guztiak izan dira defendatuak eta kritikatuak. Baina zaratatsuena gabarra ateratzearen aldekoa izan da zalantzarik gabe, online sinadura bilketa eta guztiz! Nahiz eta mugimendu nabaria gabarra ateratzeko aldarrikatu eta eskatu izana, ezetza eman du Athletic-ek.

Aukera paregabea izan da berdintasunez jokatzen dugula eta desberdinak garela munduari erakusteko, baina azken hitza ez da espero genuena izan. Galdu dute aukera aparta, penagarria benetan... Argi dago geure gizartea matxista hutsa dela, lotsagarria eskoletan eta geure bizitzan horren kontra borrokatzen saiatzen garenenontzat.

Hala eta guztiz ere, garaipena ospatzeko mutilek iaz Superkopa irabazi zutenean bezalako ekitaldiak antolatu dira gaurko. Horrela argitaratu zuen atzo Club-ek:




Gabarra itsasadarra zeharkatzen ikusteko gogoekin geratuko gara, baina espero dugu Bilbo eta Bizkaia osoa zurigorriz tintatzea eta neska txapeldunek behar duten errekonozimendua jaso dezaten.

Hona hemen La Sexta telebistak egindako aldarrikapena. :



Baietz borobila hemendik, noski merezi duten!!

AUPA NESKAK!

2016(e)ko ekaina 6, astelehena

TXAPELDUNAK!!!

Egun on 6M!

Ikasturte honen zehar, askotan landu dugu berdintasunaren gaia eta teoria ondo dakigu, gizonak zein emakumeak egoera beraren aurrean aukera eta eskubide berdinak izan behar ditugula, alegia. Baina tamalez beti ez da horrela izaten, asteburu honetan eredu argia izan dugu.

Atzo Athletic Club-eko emakumezkoen taldeak Ligako txapelketa lortu zuen, 5. txapelketa, 2003, 2004, 2005 eta 2007 urteetan lorturikoei gehitzen zaie aurtengoa. Hau bai eredu aparta! Gora gure jokalariak!

Ospatu behar dugu atzo bizi izandako lorpena, oso gaitza baita horrelako tontorrera heltzea eta batek daki noiz izango dugun hurrengo aukera... Agian datorren urtean emakumezkoen Champions League-n! ;) Beraz, antolatzen diren ospakizunetan parte hartu behar dugu mutilek Superkopa lortu zutenean egin genuen moduan, gure neskak Superligako txapeldunak baitira!

Ospakizunekin batera, berdintasunaren kontua dator: afizioa garaipena ospatzeko gabarra ateratzea eskatzen ari da. Dakizuenez, gabarra ateratzeko baldintza liga irabaztea da (hori izan zen behintzat aitzakia iaz ez ateratzeko, mutilek Supercopa irabazi zutenean) eta hori da, hain zuzen, Athletic-en neskek lortu dutena. Ea erabakia hartzea dagokienei berdintasunaren alde jokatzen duten, behar bezalako errekonozimendua egiten dieten eta neskak gabarra gainean itsasadarra zeharkatzen ikusten ditugun, txapeldunek horrelako omenaldia merezi baitute, berdin dio neskak zein mutilak izan!

AUPA ATHLETIC SUPERTXAPELDUN!!!

Aste ona izan!









Baina hau ez da asteburu honetako lorpen femenino bakarra. Larunbatean Garbiñe Muguruzak teniseko Roland Garros txapelketa famatua irabazi zuen, munduko jokalaririk onena den Serena Williams garaitu ondoren eta munduko jokalaririk onenen arteko bigarren postua lortuz 22 urte izanik. 


ZORIONAK NESKAK!

2016(e)ko ekaina 3, ostirala

ERRESILIENTZIA

Kaixo 6M!

Aste honetan bizitzarako oso garrantzitsua den tresna bat aurkeztu nahi dizuegu: erresilientzia.

Inoiz entzun duzue hitz hau? Zuetariko baten batek ba al daki zer esan nahi duen edo zertarako balio duen? Beharbada horrela ez duzue inoiz entzun, baina jarraian emango ditugun azalpenekin konturatuko zarete eskolan eta familian ildo horretatik goazela askotan arazoei Aurre egiteko.

Lehenengo bideoari ekingo diogu zuzen, zuen ikuspuntuak kutsatu ez daitezen, eta gero komentatuko dugu ea zertxobait ulertu eta ikasi dugun...



Bideoan agertzen den moduan, gizartean, arrisku-egoerak edo esperientzia larriak eta traumatikoak jasaten dira. Horien aurrean, pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Ostera, zenbaitek egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik? Erresilientziari esker.

Orain erantzun ditzakezue aurreko galderak? Zuen iritziz, denok gara edo izan ahal gara erresilienteak? Zer landu beharko genuke gure erresilientzia maila igotzeko?

Bideoan pertsona baten bizitzaren ziklo osoa aurkezten zaigu, bere momentu onak eta txarrekin. Momentu ezberdin guztietatik ikas daiteke gure erresilientzia hobetzeko. Iraganean, pentsatzen zen erresilientzia genetikoki transmititzen zela. Hori dela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela; eta egiten bada, arazoei aurre egiteko trebetasun gehiago izango dugu eta hauetatik indarberrituta aterako gara.

Aipatu eta sailkatu ditzakezue bideoan agertzen diren momentu gaitz horiek eta bertan ikasten dena?

Oraindik argi ez badaukagu erresilientzia zer den, hurrengo bideoa lagungarria izan daitekeela uste dugu:



Argiago daukazue orain zertan datzan erresilientzia? Baten batek behar badu terminoaren definizioa, hona hemen duzue: zorigaitzeko faktoreen aurrean egoera gainditzeko gaitasuna da. Ezinbesteko trebetasuna da.

Eguneroko esperientzietan ditugun aukera apartengandik indartuak ateratzea espero dugu!

Irudi batekin bukatu nahi dugu gaurko gaia interesgarri eta aberasgarria izan delakoan



Asteburu ona izan!